Kontrasta

Kokapena

Kontrasta Haraneko ekialdeko sarrerako tokirik estuenean dago. Beraz, Harana itxi egiten du ekialdetik. Tontor batean dago, 825 metroko garaieran, eta toki paregabea da, Nafarroako Ameskoen eskualdearekiko mugan.

Madozek dioenez, Kontrasta da: “Haranean udala duen hiribildua, Arabako probintziakoa (Gasteiza 6 legoa). Probintzian ekialderen dagoen zatian dago. Goiko lurretan dago, batez ere hegotik eta ekialdetik. Oso klima hotza, iparreko eta ipar-ekialdeko haizearen eraginez. Horiek dira gehien jotzen dutenak. Gaixotasun arruntenak katarroak eta min gorriak dira. 60 ETXE ditu, Udalaz gain. Udalean ederki apainduriko bilera gela dago. Era berean, 36 haur dituen eskola bat dago, eta 1000 errealen jabe da. Benefizentziako 1.000 dukatez ordaintzen da. Benefizentzia 1741. urtean sortu zuen Francisco Ruiz de Gallareta presbiteroak, eta 100eko 3ko zentsutan eraturik dago. Guztia mendi oso garaiz inguraturik dago, eta mendietan pago eta haritz ugari daude, iparrean eta hegoan batez ere. Larre ugari daude, eta larre horiek hiribilduarenak nahiz Haraneko eta Lizarrako ermandadeetako beste herri batzuenak dira.

Herriaren jatorria

Erdi Aroan, Kontrasta toki ezin hobean zegoen, Nafarroako erresumarekin mugan baitzegoen. Hori zela eta, aspaldidanik izan zen oso garrantzitsua babeserako. Toki garaian zegoenez, Ameskoen bailara nafarra mendera zezakeen. Bestalde, Nafarroaren, Gaztelaren, Arabaren eta Kantabriako lurren arteko igarobidea zen. Kanpezutik Nafarroara igarotzen ziren Larraonatik, eta Arabako Lautadarantz ere joaten ziren, Iturrieta mendatetik.

Nafarroarekiko horren toki onean zegoela ikusita, Alfontso X.a Jakitunak hiri-gutuna eman zion, 1256ko urriaren 12an, duela gutxi aurkitutako agiri batean jasotzen denez. Gasteizko Forua eman zion eta horri esker Kontrastako biztanleek ez zuten zergarik ordaindu behar izan.

“Gutun hau ikusten duten guztiek jakin bezate Jainkoaren grazian Gaztelako errege naizen honek, Alfontso gorenak […] nire herrian bizi diren herritar guztiei on eginez, Kontrasta izena eman diodala herriari, lehen Harana zegoen tokian […] Gasteizko Forua eman diet, etxe guztiei, Gasteizkoek izan duten eran. Eta, Gasteizkoek dituzten oparotasun berberak izan bitzate, asteazkeneko foruan Gasteizkoei emandako foruan esaten den legez. Eta niretzat eta Gaztela-Leonen gerora errege izango direnentzat gordetzen dut hiribilduko eliza guztien eta termino osoaren babesa. Segovian idatzia eta erregeak bidalia, urrirako bi egun pasa direla, mila berrehun eta laurogeita hamalauko urtean. Eta nik, Alfontso errege izanik […] pribilejio hori ematen diot eta berretsi egiten dut […] .”

Kontrastaren agintaritzapean geratu ziren Uribarri Harana, Alda eta Done Bikendiko eliza, non gerora sortu baitzen izen bereko herria. Kontrasta ez da azaltzen 1025eko Donemiliagako burdin-hesi (Reja de San Millán) deritzon dokumentuan. Nolanahi ere, 1257ko agirietan azaltzen da, Jeronimo Aznar gotzainak idatzitako gutunean. Erdi Aroko ohiko herrixkek izan zuten eran, harresia izan zuen inguruan, dorrea iparrean (egun ez dago) eta eliza-gotorlekua hegoaldean. Hirigunean hiru kale paralelo zeuden, kantoien bidez elkarri loturik.

Hiribildua erregerena izan zen XIV. mendea arte. Mende horretan, Gaztelako Enrike II.a Trastamarak jaurerritzat eman zion, Uribarrirekin eta Aldarekin batera, haren alferiz nagusi zen Ruy Fernandez Gaonari. Izan ere, alferizak zaldia eman zion erregeari, ihes egin zezan, Naiarako edo Najerako gudua galdu eta gero. Gaonatarren armarrian sugearen irudiarekin amaitzen diren urrezko bi galdara azaltzen dira, hondo urdinean:

¨…/…Enrike jaunak, Jaunaren grazian Gaztelako errege izanik […] , Ruy Fernandez de Gaunari, gure morroiari eta gure gorputzaren zaindariari, onartzen diogu, izandako leialtasunagatik, eta egindako lanagatik eta zerbitzuagatik, eta leialtasun horregatik guk ere leialtasuna emateagatik […] Kontrasta ematen dizut dohaintzan, bai eta inguruko herrixkak eta terminoak […] errenta guztiekin […] ”

Garai hartan, Nafarroako Karlos II.ak, hiribildua berreskuratu egin zuen, Gaztelan zegoen gerra zibilaz baliatuta.

1367. urtetik aurrera, Gaonatarren leinuaren menpe egon zen Kontrasta, XIV. mendearen erdialde inguruan ezkontza bidez Lazkanotarren baroierri izatera pasa zen arte. Lazkanotarrena etxe gipuzkoarra zen, Oñaztarren bandoko ahaide nagusien etxea.

“[…] (erregeak) Kontrastako hiribilduaren eta haren herrixken (Uribarri eta Alda) eta errenten jurisdikzio, jauntasun eta basailutza horren saria behin betiko egiten dio […] guztia berorrena izan dadin eta berorrek eta berorren oinordekoek goza dezaten, betierekotasunean, haien jabe izan zirenen kalitate berarekin, eta Lazkano etxeko jabe batek nahiz besteak izan zuten bezala […] .”

Ezkutuan urrezko banda bat dute, dragoi baten ahotik ateratzen dena. Alfontso XI.a erregeak Lope Gartzia Lazkanori zalduntza ordenan egindako zerbitzuen ohorez emandakoa irudikatzen du zerrenda horrek. Kontrasta leinu horren mende geratu zen, XVII. mendearen amaiera arte. Hortik aurrera, Espinar-Lazkanotarren eta Arteagatarren esku egon zen. XVII. mendearen amaieran, Campovillar-eko markesa izan zen Kontrastako, Uribarriko eta Aldako jauntxoa.