Kokapena

Kontrasta Haraneko ekialdeko sarrerako tokirik estuenean dago. Beraz, Harana itxi egiten du ekialdetik. Tontor batean dago, 825 metroko garaieran, eta toki paregabea da, Nafarroako Ameskoen eskualdearekiko mugan.

Madozek dioenez, Kontrasta da: “Haranean udala duen hiribildua, Arabako probintziakoa (Gasteiza 6 legoa). Probintzian ekialderen dagoen zatian dago. Goiko lurretan dago, batez ere hegotik eta ekialdetik. Oso klima hotza, iparreko eta ipar-ekialdeko haizearen eraginez. Horiek dira gehien jotzen dutenak. Gaixotasun arruntenak katarroak eta min gorriak dira. 60 ETXE ditu, Udalaz gain. Udalean ederki apainduriko bilera gela dago. Era berean, 36 haur dituen eskola bat dago, eta 1000 errealen jabe da. Benefizentziako 1.000 dukatez ordaintzen da. Benefizentzia 1741. urtean sortu zuen Francisco Ruiz de Gallareta presbiteroak, eta 100eko 3ko zentsutan eraturik dago. Guztia mendi oso garaiz inguraturik dago, eta mendietan pago eta haritz ugari daude, iparrean eta hegoan batez ere. Larre ugari daude, eta larre horiek hiribilduarenak nahiz Haraneko eta Lizarrako ermandadeetako beste herri batzuenak dira.

Herriaren jatorria

Erdi Aroan, Kontrasta toki ezin hobean zegoen, Nafarroako erresumarekin mugan baitzegoen. Hori zela eta, aspaldidanik izan zen oso garrantzitsua babeserako. Toki garaian zegoenez, Ameskoen bailara nafarra mendera zezakeen. Bestalde, Nafarroaren, Gaztelaren, Arabaren eta Kantabriako lurren arteko igarobidea zen. Kanpezutik Nafarroara igarotzen ziren Larraonatik, eta Arabako Lautadarantz ere joaten ziren, Iturrieta mendatetik.

Nafarroarekiko horren toki onean zegoela ikusita, Alfontso X.a Jakitunak hiri-gutuna eman zion, 1256ko urriaren 12an, duela gutxi aurkitutako agiri batean jasotzen denez. Gasteizko Forua eman zion eta horri esker Kontrastako biztanleek ez zuten zergarik ordaindu behar izan.

“Gutun hau ikusten duten guztiek jakin bezate Jainkoaren grazian Gaztelako errege naizen honek, Alfontso gorenak […] nire herrian bizi diren herritar guztiei on eginez, Kontrasta izena eman diodala herriari, lehen Harana zegoen tokian […] Gasteizko Forua eman diet, etxe guztiei, Gasteizkoek izan duten eran. Eta, Gasteizkoek dituzten oparotasun berberak izan bitzate, asteazkeneko foruan Gasteizkoei emandako foruan esaten den legez. Eta niretzat eta Gaztela-Leonen gerora errege izango direnentzat gordetzen dut hiribilduko eliza guztien eta termino osoaren babesa. Segovian idatzia eta erregeak bidalia, urrirako bi egun pasa direla, mila berrehun eta laurogeita hamalauko urtean. Eta nik, Alfontso errege izanik […] pribilejio hori ematen diot eta berretsi egiten dut […] .”

Kontrastaren agintaritzapean geratu ziren Uribarri Harana, Alda eta Done Bikendiko eliza, non gerora sortu baitzen izen bereko herria. Kontrasta ez da azaltzen 1025eko Donemiliagako burdin-hesi (Reja de San Millán) deritzon dokumentuan. Nolanahi ere, 1257ko agirietan azaltzen da, Jeronimo Aznar gotzainak idatzitako gutunean. Erdi Aroko ohiko herrixkek izan zuten eran, harresia izan zuen inguruan, dorrea iparrean (egun ez dago) eta eliza-gotorlekua hegoaldean. Hirigunean hiru kale paralelo zeuden, kantoien bidez elkarri loturik.

Hiribildua erregerena izan zen XIV. mendea arte. Mende horretan, Gaztelako Enrike II.a Trastamarak jaurerritzat eman zion, Uribarrirekin eta Aldarekin batera, haren alferiz nagusi zen Ruy Fernandez Gaonari. Izan ere, alferizak zaldia eman zion erregeari, ihes egin zezan, Naiarako edo Najerako gudua galdu eta gero. Gaonatarren armarrian sugearen irudiarekin amaitzen diren urrezko bi galdara azaltzen dira, hondo urdinean:

¨…/…Enrike jaunak, Jaunaren grazian Gaztelako errege izanik […] , Ruy Fernandez de Gaunari, gure morroiari eta gure gorputzaren zaindariari, onartzen diogu, izandako leialtasunagatik, eta egindako lanagatik eta zerbitzuagatik, eta leialtasun horregatik guk ere leialtasuna emateagatik […] Kontrasta ematen dizut dohaintzan, bai eta inguruko herrixkak eta terminoak […] errenta guztiekin […] ”

Garai hartan, Nafarroako Karlos II.ak, hiribildua berreskuratu egin zuen, Gaztelan zegoen gerra zibilaz baliatuta.

1367. urtetik aurrera, Gaonatarren leinuaren menpe egon zen Kontrasta, XIV. mendearen erdialde inguruan ezkontza bidez Lazkanotarren baroierri izatera pasa zen arte. Lazkanotarrena etxe gipuzkoarra zen, Oñaztarren bandoko ahaide nagusien etxea.

“[…] (erregeak) Kontrastako hiribilduaren eta haren herrixken (Uribarri eta Alda) eta errenten jurisdikzio, jauntasun eta basailutza horren saria behin betiko egiten dio […] guztia berorrena izan dadin eta berorrek eta berorren oinordekoek goza dezaten, betierekotasunean, haien jabe izan zirenen kalitate berarekin, eta Lazkano etxeko jabe batek nahiz besteak izan zuten bezala […] .”

Ezkutuan urrezko banda bat dute, dragoi baten ahotik ateratzen dena. Alfontso XI.a erregeak Lope Gartzia Lazkanori zalduntza ordenan egindako zerbitzuen ohorez emandakoa irudikatzen du zerrenda horrek. Kontrasta leinu horren mende geratu zen, XVII. mendearen amaiera arte. Hortik aurrera, Espinar-Lazkanotarren eta Arteagatarren esku egon zen. XVII. mendearen amaieran, Campovillar-eko markesa izan zen Kontrastako, Uribarriko eta Aldako jauntxoa.

Kokapena

Uribarri-Harana haraneko erdialdean kokatuta dago, Alda eta Kontrasta arteko lursail lau batean 850 metroko garaieran, garai bateko ibilbideen bidegurutzean.

Madozek 1845 eta 1850 bitarte egin zuen hiztegi geografiko, estatistiko eta historikoan honela gogorarazten digu: “Aldarekin udala osatzen du. 47 etxe ditu, udaletxekoa barne; gartzela; bi sexu hartzen zituen lehen hezkuntzako eskola, 58-60 ikasleak joaten ohi dira, eta 24 anega gari ditu; Parr-eliza (San Joan Bataialaria) 3 onuradunek zerbitzatzen zuten, haietako bi errazio osokoak eta bat errazio erdikoa, bi baseliza (San Kristobal eta Bengolarreako Andre Maria), eta biztanlegoaren zerbitzuko ur edangarriko iturri batzuk.”

Herribilduaren sorrera

Bere sorrera erromatar ondorengo garaikoa izan daiteke, bertan aurkitutako erromatar hilarriek adierazten duten moduan, baita Kontrastakoek eta Gastiaingoek ere.

Uribarriko bide-trazatua diseinu geometrikoa dauka. Goi Erdi Aroan oso erabiliak ziren bi ibilbideen bidegurutzean dago kokatuta.

Haietako bat Ebro ibaiko arroak Kantauriko isurialdearekin lotzen zuen ibilbide erromatarren ondorengo garaikoa litzateke. Ibilbide honek haraneko zabalera gurutzatzen zuen hegoaldetik iparraldera, Lanako Ibarreko Gastiain herritik ekialdeko Lautadarantz, Mendate Berriatik, Iturrieta Mendietatik eta Opakua Mendatetik igarota.

Beste ibilbidea haraneko luzera ardatza segitzen zuen ekialdetik mendebaldera, Amezkoa Beheko Nafarroako lurrak Arabako Laminoria, Kanpezu eta Maeztukoekin lotuz. Herribildua gurutzaten duten bi ibilbide hauek “lau errege-bideak” osatzen dute.

Kale Nagusiaren hasieran eta amaieran, Gastiainetik Mendate Berrirako ibilbide zaharrean San Cristobal eta Andra Maria baselizak daude.

Kokagune estrategikoari esker Uribarri Harana baseliza ugari izan ditu, baita XVI. Mendean ospitalea ere. Guneko iparraldean Lezeta Andra Mariren Baseliza eraiki zuten. Aintzinean, jendez hustutako izen bereko parrokia izan zen gaur egungo herriaren hazia. Templua 1774.urtean hondatu zen, harria berrerabili zuten Uribarri-Haraneko eliz-ataria eraikitzeko.

Uribarri Harana herrixka mantendu zen Alfonso X. Jakitunak Kontrastari Puebla-Karta eman zionetik Alda herrixkarekin batera, baina Enrique II-ak Gaonatarren leinukoei eman zien jaurerria. Ondoren, Lazkanotarren baroierri izatera pasa zen arte. 1654an Felipe II.ak Kontrastatik herribildu independiente titulua eman zion. XVIII. Mendean Arteagatarren eskuetara pasa zen, ondoren Campovillar Markesenera.

Lazkanotarrek Uribarrin jauregi bat eraiki zuten non denboraldi luzeak pasatzen zituzten, eraikuntzazko elementu bakan batzuk kontserbatu dira.

Kokapena

Alda haranaren erdialdean dago 815 metroko garaieran, Done Bikendi Harana eta Uribarri Harana artean, Haraneko Udalaren herriburua izanda, Madozek 1945-50 urteetan aipatzen zuen moduan: ”I. Eta bere udaleko herriburua” Eta segitzen du “Arabako probintzian dagoena (Gasteiztik 6 leg.), Kalagorriko diozesikoa eta Aguraingo zati jud.: Aldako herriburuko. Eta Uribarri-Harana SIT. Bi mendi-lerroen artean kokatuta dagoen lautada iparreko haizearen eraginez. LURSAILA mendiz inguratutako lautada emankorra da: klima hotsa eta osasuntsua, birikietako minak agertzen dira, 28 etxe nahiko eroso daude eta udaletxekoa.: honek kartzela badauka Era berean, 9 mutil eta 5 neska dituen eskola bat dago, bere maisua 17 anega gariren jabea da, 12 t´erdi irakaskuntzagatik eta 4 t´erdi parrokia-elizako (San Pedro Apostolua)sakristaua izateagatik, honako hau bi onuradunek zerbitzen zuten, haietako bat arima-zaintzaile lanak egiten zituena,”.

Hiribilduaren sorrera

Alda XIII. Mendeko agirietan agertzen da, 1256. urtean Alfonso X.ak Santikurutze Kanpezuri Forua ematen dionean eta mugetako bat “San George Alda” aipatzen duenean. Baseliza hau, gaur desagertuta, hilerrira doan bidearen ertzean zegoen. Berberiegoko Artxidianokontzaren parte izan zen.

Historian zehar leinu batzuk badira herrixka eta bere lurren gainean haien jauntasuna nagusitu dutenak, horretarako Enrike Trastamaranek, Gaztelako Erregeak 1376. urtean emandako sari bati esker, geroztik Gaonatar leinuaren jaurerria izan ziren 1545. urtera arte, orduan haien ondorengoen eskuetara pasa ziren, Lazkaotarrak, eta beranduago Campovillar markesen eskuetara. Alda Kontrastako jurisdikzioan egon zen 1659. urtera arte non Felipe IV.ak banatzera baimendu zuen errege-zedula bidez.

Kokapena

Done Bikendi Harana bailararen mendebaldeko ertzean dago, 795 metroko garaieran. Harana ixten du mendebaldetik, eta lehen herria da Oteotik igarota Santa Kurutze Kanpezutik datozenentzat, bai eta Sabando pasatuz Maeztutik datozenentzat ere.
Madozek, 1845 eta 1850 bitarte egin zuen hiztegi geografiko, estatistiko eta historikoan honela deskribatzen du hiribildua: “berezko udala duen hiribildua. Arabako probintzian dagoena (Gasteiztik 7 leg.), Kalagorriko diozesikoa eta Aguraingo zati jud.: Santa Teodosia mendatearen hegoaldean dago, ia laua den alderdian, Harana izeneko bailara ederrean. Mendi altuek mugatzen dute iparretik eta hegotik. Klima hotza egiten du, baina oso osasuntsua. 56 etxe ditu eta bat udaletxea da. Udaleko aretoa egokia da: kartzelan bi ziega daude eta segurua eta osasuntsua da: eskolan neskak nahiz mutilak daude. 33 anega gari ditu eta eskolara 100 ikasle inguru doaz.”

Hiribilduaren sorrera

Micaela Portillak haren Catálogo Monumental lanean dioenez, Fernado IV.aren erregetza garaian hasi zen Done Bikendi biztanleak izaten. Alboko herrixketako jendea joan zen Done Bikendira. Alboko herrixka horietako bat Berberiego izan zen. 1252. urtean dago dokumentaturik, eta egungo herriaren iparrean zegoen. Kalagorriko elizaren baitan botere handia izan zuen herri honek. Izan ere, Kalagorrikoarekin batera elizbarrutia osatzen zuten lau artxidiakonotzetako bateko buru izan zen. Artxidiakonotza XII. menderako dokumentatu zuten. Jeronimo Aznarren gotzaingoaren elkartasun gutunaren arabera, 1257. urtean artxidiakontza horren baitan zeuden Viana, Bernedo, Harana eta Arraia.
Artxidiakontza hitza artxidiakonotik dator, latineko archidiaconus hitzetik: ‘lehena’ esan nahi du, ‘diakonoen edo elizako ministroen burua’. Artxidiakonoa zen apezpikuaren eskuineko eskua. Nekazaritzaguneko artzapezaren, parrokoaren eta gainerako apaizen gainetik zegoen.

Oinetxez eratutako Berberiego herrixkako biztanleek erasoak jasotzen zituzten Gaztelako eta Nafarroako gizon aberatsen eta infantzoi kapareen eskutik. Gainera, zergekin eta zorrekin itotzen zituzten, Berberiegoko jaun eta jabe izatea lortzeko. Izan ere, alboko lurrak nahiz mendiak haienak ziren. Azkenean, Berberiegotarrek oinetxeetatik alde egitea erabaki zuten. Fernando IV.aren baimenaz Done Bikendi esaten zioten herrira aldatzea erabaki zuten: “en derredor de una eglesia que dezien San Vicent” (San Bizente esaten dioten elizaren ingurura). 1295 eta 1312 bitarte beste herrixka bat eratu zuten erregeren lurretan, haren babesa izan nahiaz (e fizieron puebla nuevamente).

Errentarik jaso gabe, antzinako jauntxoek nekazariak xaxatu zituzten, antzinako oinetxetara joatera behartzeko. Azkenean, lapurretak eta hilketak eragin zituzten.
Lopez de Gereñuk Onomasticon Vasconiae lanean dioenaren harira, garai hartako dokumentuen arabera, Berberiegok etxe bakarra zuen 1257. urterako, eta 1326. urterako guztiz hutsik geratu zen. San Ezteberen ermita baino ez omen zen zutik geratu, mende bat lehenago hondatu omen zen antzinako parrokiaren oroimen gisa. 1845 eta 1850 bitarte, honela dio Madozek: “[…] iparrean eta 1/8 legoan San Eztebe ermita dago. Egun biztanlerik ez duen Berberiego herrixkako parrokia eliza izan zen […].” Parrokiako artxiboan XIV. eta XV. mendeko pergamino interesgarriak daude. Dokumentu horiek Done Bikendiko biztanleek herriak erregeren hiribildu izateko pasa behar izan zituen auziak eta gorabeherak jasotzen dituzte.

Nolanahi ere, herrixka berria zaharragoa zen beste herri bateko mugen eta jurisdikzioaren baitan zegoen: Kontrastarenean hain zuzen ere. Beraz, Kontrastakoek bertako nekazaritzat hartu zituzten biztanleak eta gatazkak sortu ziren horregatik. Done Bikendikoek Alfontso XI.arena jo zuten haien kexak azaltzera. Hain arazoak konpondu ezean herritik alde egin eta Nafarroako erresumara joango zirela adierazi zuten. “[…] Done Bikendik salaketa jartzeko asmoa adierazten du, Kontrastako kontzejuagatik eta herrixkengatik […] Done Bikendik salaketa jartzeko asmoa adierazten du, Kontrastako kontzejuagatik eta herrixkengatik […].”

Herria hiribildu bilakatzea eskatzen zuten. Gainera, harresia beraiek egitea ere proposatzen zuten. 1312 eta 1319 bitarteko urteren batean, hiri forua lortu zuten, Maria erregeren amonaren eta Joan eta Pedro infantzoien eskutik (azken horiek Alfontso XI.aren tutoreak ziren, adinez txikia baitzen). Beraz, hiribilduaren gutuna eta pribilejioak eman zizkieten: “[…] para que los nuevos habitantes de San Vicente fuesen mas ricos e mas amparados para mi e para mio servici […] Done Bikendiko biztanle berriak aberatsagoak izan zitezen eta niretzat eta nire zerbitzarientzat babestuago egon zitezen […]”

Nolanahi ere, foruaren aurkako zenbait zerga ordaindu behar izan zituzten. Horren ondorioz, 1326. urtean, eta jada Alfontso XI.a adinez nagusi izanda, Done Bikendiri Kontrastak zuen hiribildu independentearen maila bera ematea lortu zuten, hots, maila juridiko eta fiskal bera lortu zuten. Gasteizko Forua ere eman zioten, nahiz eta aurreko tutoreek emana izan. Horrenbestez, Done Bikendi “[…] berez erregeren hiribildu” bilakatu zen, “Kontrastaren ahotsari men egin behar izan gabe, Gasteizko Foruaren bitartez eta hiribildu izateko inguratzeko baimena emanez”.

Mendeen joan etorriarekin batera, hiribildu horrek nahiz Harana osoak jasan behar izan zituen Gaonatarren nahikeria geopolitikoa. Gaonatarrak oinaztarren leinukoak ziren eta leinua tinko ezarririk zegoen mendiak zeharkatuz zihoazen Ebrotik Lautadaranzko sarbideetan. XIV. mendearen amaieran, bailaran ezarri ziren indarrez, Enrike II.a Trastamaranek Kontrastako jaurerria nahiz Uribarri eta Alda herrixkak eman eta gero.

Gaonatarrak batetik, eta Lazkanotarrak bestetik, jaurerriak Done Bikendiraino zabaltzen saiatu ziren. Hala ere, errege-erreginek hiribildua babestu egiten zuten beti. 1505eko apirilaren 23ko Joana erreginaren epai baten bidez, hiribilduak erregerena izaten jarraitu zuen, Bernardino Lazkanok, hots, Kontrastako eta haren herrixken jauntxoak bestela nahi zuen arren. 1513an, Done Bikendik mila marabediko eta hogeita hamar gari anegako urteko zerga barkatzea erabaki zuen erreginak berak. Baliteke hori izatea hiribilduko parrokian Joanaren eta Feliperen armarriak azaltzearen zergatia. Mende eta erdi geroago, hots, 1638. urtean, Felipe IV.ak hiribilduaren erregeren pribilejioak berretsi zituen.

Harana

Lau dira gure harana osatzen duten herriak:

  • Done Bikendi Harana
  • Alda
  • Uribarri-Harana
  • Kontrasta

Zerbitzuak

OSASUN ZERBITZUAK: ::
S.O.S. DEIA
Tel.: 112
OSASUN-ZENTROA/KANPEZU
Tel.: 945415345
FARMAZIA/KANPEZU
Tel.: 945415048
TXAGORRITXU OSPITALEA
Tel.: 94500700
SANTIAGO OSPITALEA
Tel.: 945007600
ERAKUNDEAK ::
HARANEKO UDALETXEA
Tel.: 945406006 / Fax: 945406136
EGUNEKO ARRETARAKO LANDA ZENTROA
Tel.: 945406038
KANPEZUKO-ARABAKO MENDIALDEA KUADRILLA
Tel.: 945405424 / Fax: 945405472
EUSKO JAURLARITZA
Tel.: 945018000
ARABAKO FORU ALDUNDIA
Tel.: 945181818
AGURAINGO UDALETXEA
Tel.: 945300155 / Fax: 945312024
ARRAIA-MAEZTUKO UDALETXEA
Tel.: 945410033 / Fax: 945410200
IZKI LANDA GARAPENERAKO ELKARTEA
Tel.: 945378014
ZERBITZU PUBLIKOAK ::
HARANEKO UDALETXEA
Tel.: 945406006
VITO ETXEA/ DONE BIKENDI HARANA
Tel.: 945406065
LANDA TURISMO ::
BILTEGI ETXEA/ ALDA
Tel.: 945406042
OBENKUN JATETXEA/ DONE BIKENDI HARANA
Tel.: 945406123